18/10/06
2009ra arte ez dago asmorik San Markos ixteko
Aralarreko ordezkari eta Beraun auzoko bizilagunak Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ordezkariarekin bilera egin dute, gaur goizean, eta ondorio garbi batekin atera dira bileratik: 2009ra arte ez dago asmorik San Markos zabortegia ixteko.
San Markos Plataformako kide eta Beraun auzoko bizilagunek lanean jarraituko dute San Markos Mankomunitateak eta Errenteriko Udalak zabortegia abenduaren 31n ixteko hartu zuten erabakia betearazteko.
Aralarreko batzarkide Rebeka Ubera, Oarsoaldeko Aralarreko komiteko ordezkari Iñigo Imaz eta Errenteriko Beraun auzoko plataformaren ordezkariak elkartu dira Ingurumen kalitateko zuzendari Begoña Iriarterekin Eusko Jaurlaritzan.
Bileraren balorazio egin du Rebeka Ubera batzarkideak: “Ez dugu ulertzen konpetentzia dutenek zertan ari diren; erabaki bat hartu dute abenduaren 31n San Markoseko zabortegia ixteko, baina ardura dutenek ez dabiltza beharrezko neurriak hartzen erabaki horrekin betetzeko. Bitartean, erdibideko neurriak jartzen ari dira. Gaur, esaterako, adierazi digute San Markos zabortegia martxan egongo dela 2009ra bitartean”.
Aralarren ordezkariak salatu du denbora tarte horretan bizilagunek jarraitu egin beharko dutela zabortegitik aireratzen diren gas toxikoak arnasten, gas horiek inork kontrolatzen dituen jakin gabe. “Behin eta berriz erakusten digute zabortegia inolako kontrol barik ari dela lanean eta inork ez duela erakutsi inongo ardurarik bizilagunek jasaten dituzten ondorioei aurre egiteko. Eta gauza bera gertatzen da esaterako, lixibiatu plantarekin”.
Gaur goizean izandako bileratik kezkatuta atera dira Erauneko bizilagun eta Aralarreko ordezkariak. “Ez dugu inolako borondaterik ikusten San Markoseko zabortegiari soluziobiderik emateko. Elkarrizketa informatiboa izan den arren, Jaurlaritzaren ordezkariek ez dute inolako konpromisorik hartu gaur eta bizilagunak etsituta atera dira bileratik, ikusita inork ez duela eskua sartzerik nahi eta erakundeen aldetik utzikeria nabaria da eta hori, azkenean, herritarrek ordaintzen dute”.
Beraun auzoko bizilagun eta Aralarren ordezkariek onartezintzat jo dute egin nahi den erraustegi berriak San Markos zabortegiaren itxiera baldintzatzea, “txantajea hutsa da eta ezin da onartu” gehitu du Aralarreko batzarkideak
19:02 Permalink | Comentarios (0) | Email esto
Los comentarios son cerrados