« Merino y sus amigos de Urdin Irratia | Página de inicio | 2008ko maiatzaren 15ean, Aralarrek kanpaina abiatu zuen San Markoseko zabortegia berdegune bihurtzeko »

28/05/08

Aralarrek San Markoseko zabortegia ixteko ekintza plana aurkeztu zuen 2008-02-19

San Markoseko zabortegia azken urteetan kezka eta ardura iturburu handia izan da, batez ere, inguruan bizi direnentzat eta, bereziki, Beraungo auzotarrentzat. Kezka eta ardura iturri horri Aralarretik ere erantzuten saiatu gara. Behin eta berriro eskatu dugu San Markoseko zabortegia ixteko eta, azken egunetan, mankomunitateak eta Foru Aldundiak horretarako akordioa lortu dutela jakin dugunean zoriondu egin dugu. Zoriondu egin dugu eszeptizismo puntu bati eutsiz. Izan ere, asko eta asko izan dira San Markoseko zabortegiaren inguruan hartu diren konpromisoak, baina gero, ez dira bete.

San Markos zabortegiaren itxiera plana


Asko izan dira zabortegiaren egoerak eraginda egin behar izan ditugun salaketak eta salaketa horien oinarrian zeuden arazoak konpontzeko egin ditugun proposamenak. Esate baterako, zaborrek isurtzen dituzten gasak sortutako kiratsa eta bestelako kalteak ekiditeko desgasifikazio instalakuntzak egokitzeko edo konpontzeko eskaerak, zigilatze eskaerak… Beste adibide bat ipintzearren, zaborrek eta urak sortzen dituzten lixibatuen filtrazioak ere salatu genituen eta horiek ekiditeko behar ziren neurriak hartzeko eskatu. Gauzak horrela, espero dugu zabortegia ixteko iragarri den egitasmoa behin betikoa izatea. Era berean, espero dugu hartutako erabaki horrek San Markoseko zabortegiak bete duen eremu hori herritarren erabilpenerako berreskuratzea ahalbidetuko duela. Gure aldetik, San Markoseko zabortegiaren itxierak bete beharko lituzkeen baldintzak eta, etorkizunera begira eremu hori berreskuratzeko eman beharko liratekeen urratsak azaldu nahi ditugu agerraldi honen bitartez.