« Greenpeacek Gipuzkoako BBNNak zoriondu ditu Aralarren ekimenez onartutako akordioa dela eta | Página de inicio | Todo nuestro apoyo a Ana Mari y su familia »

12/06/08

BIHARAMUNAZ HITZEGIN DEZAGUN

Berriki, Bizkaiko Batzar Nagusietako talde politiko guztiek, Ezker Batuak izan ezik, baiezkoa ematen zioten San Marko zabortegira isurtzen diren 25.000 TN zabortegi bizkaitar bitan jasotzeari.
Aralarretik argi geneukan, hasera haseratik, erabaki hori soluzioa baino partxe bat zela, baina, Aralar ezin zela eta ez zela izango Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundien arteko hitzarmena gauzatzeko traba bat.
Orain ez dago aitzakiarik. Ez dago aitzakiarik San Markoko zabortegia ixteko. Horregatik, Aralarretik, azken urteotan biharamunaz hitzegiten jardun gara. Egun hori iritsi da eta errepikatu nahi dugu guk ez dugula transferentzia estaziorik nahi San Markon, ezta ere, inolako hondakinen kudeaketarako azpiegiturarik.
Duela egun batzuk, Merino jaunak, Errenteriako Alkateak, zabortegiaren itxieraren biharamunaz hitzegiteko ordua zela esan zuen. Hala ere, guk, sentsazio arraroa izaten jarraitzen dugu, zergatik? Oraindikan ez duzulako argitu San Markon dagoen transferentzia estazioaren aurka zauden ala ez. Guk argi eta garbi errepikatu nahi dugu: ez dugu San Markon transferentzia estaziorik nahi, zergatik? Guretzako azpiegitura hori hor mantentzen bada ez delako egiazko itxiera bat gauzatuko gaur egungo zabortegian. Itxiera faltsua dela uste dugu.
Donostiako Udalak, orain dela gutxi, hiriko Plan Orokorrean San Markorentzako gune berdea eta parke bat aurreikustea onartu du, Lauhaizeta Parkearen barnean. Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Aralarren ekimenez eta PSE-EE-ren baiezko bozkarekin, San Markon etorkizunean gune berde eta parke bat sortzeko ideia babestu zuten.
Horregatik, Aralarretik publikoki galdetu nahi dizugu, Merino jauna, jakinik Udal erregistrotik sartu genizun idatziari erantzuteko adorerik izan ez duzula, zure “talante” demokratikoaren eta elkarrizketarako prestutasunaren erakusgarri garbia: transferentzia estazioaren aurka publikoki azaltzeko prest zaude, bai ala ez?; San Markon gune berde bat eta parke bat sortzearen alde zaude, bai ala ez?; San Markon bestelako instalakuntzarik ez eraikitzearen alde zaude, bai ala ez?
Hiru galdera hauei ematen diezun erantzunean dago, urteetan Errenteriako auzotarrek jasandako egoera penagarria gainditzeko gakoa eta konponbidea. Galdera hauei baiezkoa ematen badiezu, zure konpromisoaren zintzotasunean sinistuko dugu. Eta hala izanik, Errenteriako Aralarren babes osoa izango duzu gai horretan. Horregatik esaten dizugu: biharamunaz hitzegin dezagun!

Iñigo Imaz
Errenteriako Aralar