28/05/08
2008ko maiatzaren 15ean, Aralarrek kanpaina abiatu zuen San Markoseko zabortegia berdegune bihurtzeko
Oarsoaldea-Bidasoako Aralarrek iragarri du kanpaina abiatuko duela San Markoseko zabortegia ixtea eskatzeko eta berdegune bihurtzeko. Horretarako, hainbat kartel jarriko ditu Errenteriako kaleetan, eta horrekin batera, aipatutako helburua lortzeko proposamen zehatza prestatu du.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarreko bozeramaile Rebeka Ubera, Donostiako Aralarreko zinegotzi Ainhoa Beola eta Errenteriko Aralarrek bozeramaile Iñigo Imaz Beraun auzoan izan dira, kanpainaren berri emateko.
Aralar zabortegia ixteko eskaera soil batean ez dela geratuko esan zuen Rebeka Uberak, eta proposamen zehatza ere egin duela gaineratu zuen. “Bada garaia alderdiek bata besteari pilota pasatzeari uzteko eta bakoitzak bere erantzukizuna hartzeko, hori egin ezean, 2009a helduko zaigulako eta zabortegiak itxi gabe jarraituko duelako”, adierazi zuen.
Gaineratu zuenez, “zaborren zati bat Bizkaira eramateko diputazioen arteko akordioa egon arren, akordio hori aurrera eramateko prozesua mantsotu egin da, oposizioak kontrako jarrera azaldu eta gero”. Hari horretara, Uberak argitu zuen Aralarrek akordio hori babesten duela, “baina beti ere aldi baterakoa bada eta akordioa diputazioen artekoa bakarrik ez bada”. Hala, tartean dauden beste erakundeak ere aintzat hartzea eskatu zuen: mankomunitateak…
Hala ere, zabortegia ixteko eta transferentzien estazioa industriagune batera eramateko lanean jarraituko dutela azpimarratu zuen. “Zabortegian jarraitzen duen bitartean, ezingo da esan zabortegia itxita dagoenik modu zehatzean”.
Iñigo Imazek salatu zuenez, zabortegia ixteko epeak gero eta gehiago zabaltzen joan dira, eta hori noiz arte gertatu behar den galdetu zuen. Jakinarazi zuenez, Aralarren asmoa da Batzar Nagusietan aurkeztutako bere proposamena gizartean zabaltzea. “Horretarako, hitzaldi bat egingo dugu eta San Markos berdegunea bihurtzea proposatzen duen kartela herriko kaleetan jarriko dugu; izan ere, Errenteriak, eta Beraun auzoak batez ere, nabarmen gainditu dute bere elkartasun kuota, eta lortu nahi dugu herriko erakunde guztiek bat egitea, behin betiko itxiera lortzeko”.
Esan zuenez, helburu hori lortu arte lanean jarraituko du Aralarrek. Era berean, azaldu zuen Aralarrek azterketa eskatua duela, zabortegiak herritarrengan izandako eragina nolakoa izan den jakiteko, nahiz eta oraindik eskaera horren inguruko erantzunik ez duten jaso. Zabortegia behin betiko ixteko eskaera Errenteriako Udalean laster eskatuko dutela ere aurreratu zuen.
Ainhoa Beolak, bere aldetik, zabortegia berdegune bihurtzeko proiektua bideragarria dela esan zuen, behin orubeko kutsadura garbitu eta gero. Azaldu zuenez, Madrilgo Rivas Vacia herrian egiaztatu da zabortegia herritarrek erabili ahal izateko birmoldatu daitekeela.
17:47 Permalink | Comentarios (0) | Email esto
Aralarrek San Markoseko zabortegia ixteko ekintza plana aurkeztu zuen 2008-02-19
San Markoseko zabortegia azken urteetan kezka eta ardura iturburu handia izan da, batez ere, inguruan bizi direnentzat eta, bereziki, Beraungo auzotarrentzat. Kezka eta ardura iturri horri Aralarretik ere erantzuten saiatu gara. Behin eta berriro eskatu dugu San Markoseko zabortegia ixteko eta, azken egunetan, mankomunitateak eta Foru Aldundiak horretarako akordioa lortu dutela jakin dugunean zoriondu egin dugu. Zoriondu egin dugu eszeptizismo puntu bati eutsiz. Izan ere, asko eta asko izan dira San Markoseko zabortegiaren inguruan hartu diren konpromisoak, baina gero, ez dira bete.
San Markos zabortegiaren itxiera plana
Asko izan dira zabortegiaren egoerak eraginda egin behar izan ditugun salaketak eta salaketa horien oinarrian zeuden arazoak konpontzeko egin ditugun proposamenak. Esate baterako, zaborrek isurtzen dituzten gasak sortutako kiratsa eta bestelako kalteak ekiditeko desgasifikazio instalakuntzak egokitzeko edo konpontzeko eskaerak, zigilatze eskaerak… Beste adibide bat ipintzearren, zaborrek eta urak sortzen dituzten lixibatuen filtrazioak ere salatu genituen eta horiek ekiditeko behar ziren neurriak hartzeko eskatu. Gauzak horrela, espero dugu zabortegia ixteko iragarri den egitasmoa behin betikoa izatea. Era berean, espero dugu hartutako erabaki horrek San Markoseko zabortegiak bete duen eremu hori herritarren erabilpenerako berreskuratzea ahalbidetuko duela. Gure aldetik, San Markoseko zabortegiaren itxierak bete beharko lituzkeen baldintzak eta, etorkizunera begira eremu hori berreskuratzeko eman beharko liratekeen urratsak azaldu nahi ditugu agerraldi honen bitartez.
17:44 Anotado en Leisure | Permalink | Comentarios (0) | Email esto